Xedea, Ikuspegia eta Baloreak

Gizakien ahalmenak osorik garatzea da Oinarrizko Hezkuntzaren xedea; hau da, ahalmen fisikoak, motorrak, kognitiboak, komunikaziokoak, sozialak eta afektiboak garatzea, Haur Hezkuntzan hasitako prozesua dela jakinda. Horrekin batera, pertsona guztiek izan beharreko oinarrizko gaitasunak lantzeko xedea du, norberaren errealizazioa eta garapena lortzeko, herritar aktiboak izateko, gizarteratzeko eta enplegua lortzeko.

Oinarrizko Hezkuntza eskola-komunitate guztiari zuzenduta izanda, garapen pertsonaleko, familiarreko, soziokulturaleko, akademikoko eta profesionaleko alderdiak antolatzeko asmo orientatzailea du. Oinarrizko Hezkuntzaren azken xedea ikasleen potentzialtasun osoa garatzen laguntzea da, horietako bakoitzak dituen aukera errealei erreparatuta.

Eskola inklusiboaren aldeko planteamendua egiten da, eta haren oinarritzat jotzen dira ekitatea, elkartasuna eta aukera-berdintasuna; ildo horretatik, hauek lehenetsiko ditu Oinarrizko Hezkuntzak: ikasleek oinarrizko gaitasunak eskuratzea; ikasleen aniztasunari arreta ematea; gertatu bezain laster hautematea eta tratatzea ikasteko zailtasunak; ikasleei tutoretzak eta hezkuntza-orientazioa ematea, eta familiekiko harremana zaintzea. Horren guztiaren helburua hezkuntza-ingurune egokia eraikitzea eta ikasteko oztopoak ezabatzea da.